XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehenagoko lastozko bordan egon ordez, ongi apainduriko eta altzariz beteriko gela batetan zegoen.

Jauzi eginez ohetik jaiki zen eta arropa berriak, txano berria eta larruzko botatxo parea aurkitu zituen eta Pinotxok kuadroetako pertsonaien itxura hartu zuen.

Jantzi orduko, eskuak sakeletan sartzea bururatu zitzaion eta marfilezko diruzorro bat atera zuen, non hitz hauek bait zeuden grabaturik: Ile Urdinetako Maitagarriak berrogei zentaboak itzultzen dizkio Pinotxori bere borondate ona eskertuz.

Diruzorroa ireki zuenean, kobrezko berrogei zentaboren ordez, urrezko berrogei txanpon eginberri aurkitu zituen.

Bere burua ispiluan ikustea joan zenean, beste norbait zela iruditu zitzaion.

Ez zuen ikusi zurezko panpinaren ohizko irudi hura, mutiko eder, argi eta erne batena baizik, gaztaina koloreko ileekin, begi urdinekin eta alaitasunez gainezka.

Bata bestearen ondoko gertakari zoragarri hauen erdian, Pinotxok ez zekien gertatzen ari zen guztia egia zen ala begiak zabalik zituela ametsetan ziharduen.

- Eta non ote da nire aita?- galdetu zuen handik pixka batera.

Orduan, ondoko gelan sartu zen eta Geppetto agure zahar hura, erabat sendaturik, garai batetan bezala, gazte eta umore onez aurkitu zuen; berriro zur-langile bihurturik, lorez, hostoz eta animalien burutxoz marko eder bat diseinatzen ari zen une hartan.

- Esadazu, aitatxo, nola esplika daiteke bapateko aldaketa hau?- galdetu zion Pinotxok lepotik heldu eta musuka ari zitzaion bitartean.

- Ustekabeko aldaketa hau, zure merezimenduari esker gertatu da - erantzun zion Geppettok.

- Zergatik nire merezimenduari esker?.